Lobak, sormen eztanda Gernikako bonbardaketaren urteurrenean

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena heltzear den honetan, bertako gazte talde batek Lobak plataforma abian jarri dute. Gazte sortzaileez osaturiko gernikarren helburua, sorkuntza pieza ezberdinen bidez (argazkigintza, bideoa, musika, dantza, testua…) bonbardaketaren gertakari historiko lantzea izan da, ikuspegi ezberdinetatik. Era berean, gazte sortzaileentzako topaleku ere bada, Lobak ekimena. Inprobisazioak eta parte-hartze aktiboak zeresan handia izan du proiektuaren bilakaeran.

Gernikako Lizeo Antzokian apirilaren 27an (gaueko 20:30etan) egingo duten erakustaldia prestatzen ari dira gazteak momentu honetan. Lobak taldean buru-belarri dabilen Oier Plaza bideogileak, plataforma eta egitasmoaren berri eman digu.

Noiz hasi zineten Lobak egitasmoari forma ematen?

Egitasmoarekin 2012ko urtarrilaren bukaeran hasi ginen lanean, ideia pentsatu bezain laister bilera deitu genuen, eta horretarako, bideo bat ere egin genuen. Ideia lagun-arteko tertulia batean atera zen eta nahiko modu naturalean zabaldu zen, sare sozialek -ez internetekoek- ondo funtzionatzen dutelako Gernikako gazteen artean.

Parte-hartzaileen artean egongo dira bonbardaketa bizi izan zutenen lobak direnak ere. Zuen artean gogoeta handia egin al duzue egitasmo sortzaileak martxan jarri aurretik? eta zein ondorio atera duzue gordeta dagoen memoria horren inguruan?

Ez, ez da gogoeta sakonik egon, nahiko inprobisatua da proiektua eta ez dauka inolako anbizio edo helburu handirik, kasu honetan egitea da garrantzitsuena, parte-hartze aktiboa bonbardaketaren gertakari historikoa oinarri hartuta. Noski, gero badaude zenbait helburu modu naturalean eta gehiegi pentsatu barik aurrera eramaten direnak praktikarekin; memoria historikoaren transmisioa, elkarrekintza, Gernika-Lumoko eta inguruko sortzaileen bisualizazioa…

Memoriaren inguruan zenbait hausnarketa egin dira, eta batez ere modu existentzialean planteatzen dira, nortasunaren alorrean, gutasunaren inguruan, hori dela eta adibidez zenbait gazte -Iñaki Basterretxea eta Danel Lauzirika- Gernika bonbardatu ez balitz gertatu Gernika nolakoa litzatekeen eta gu nolakoak ginatekeen erantzuteko lanean ari dira -batek eman zion hasiera testuari eta besteak jarraitzen du idazten, bakoitzak parrafoa erantzuten du. Gaia bonbardaketa bada ere umorea eta ironia baino ez daude idatzietan (oso gernikarra izan behar da testuak ulertzeko). Beste alde batetik, proiektuen arabera batzuek memoria lantzen dute baina beste proiektu batzuek badute etorkizunera begiratzeko ahalegina, Dokumentalak esate baterako.

Lobak proiektua, beraz, – plataforma hitza ez da berriz erabiliko, hau ere inprobisazioaren eta kaosaren parte da- elkarrekintzarako -edo ez- eremu deszentralizatua dela esan dezakagu. Sormena, diskurtso berriak, ekintzak ez baldintzatzeko bide bakartzat ikusten genuen deszentralizatua izatea, ez egotea lotuta diskurtso jakin bateri, momentu jakin bateri -urteurrena-, leku konkretu bateri. Beraz, Lobak komunikazio proiektua ere badela esan dezakegu, zigilu antzeko bat. Egiten diren proiektuen eta parte-hartzen duten gazteen bisualizazioa, ezagutza lantzen du.

Lobak egitasmoa bonbardaketaren inguruko sentimenduei forma emateko modua al da? Jarraipenik izango al du gero?

Bai, zeozelan bai, sentimenduak badaude baina badauka kutsu arrazionalagoa ere. Proiektu batzuek harreman afektiboak -amuma eta atxitxegaz harremanak- eta sentimenduak lantzen dituzte -Usoa Perezen piano pieza, eta bere aitonaren argazkiak, Paul Omaetxebarriaren lo kantua, Gorka Romanek bere abestian…-, beste batzuek ez horrenbeste, Ziomararen Ormaetxearen dantza garaikideko ikuskizuna nahiko abstraktoa da. Markelen animazioek, Audience-n bideoklipak…ez dute alde hori lantzen behar bada.

Gero proiektuaren ideiaren atzean badago ere kultura ereduarekin zerikusia duen ahalegin bat, Gernikan oso ohituta gaude sortzaileen, musikarien, “artisten” joan-etorria ikusten, diru-laguntza publikoz lepo. Gernika oso erakargarria da horretan. Erakunde publikoei ahaztu egiten zaie Gernika-Lumon eta inguruetan badagoela jendea gauza txukunak egiten, izan ere indigena akonplejatuearen eta baserritar ilustratuaren arteko sindrome bat dago gai honetan, atzerritik datorrena hobea ei da. Beraz, Lobak aterki bat ere bada, bertakoa babesteko, mimatzeko, zaintzeko ahalegina.

Ekimenak jarraipena izango du, dokumentala adibidez datorren abenduan aurkeztuko da, liburuxka bat ere argitaratzeko egitasmoa dago Hibai Agorriaren argazkiekin etab. Eta seguru datozen urteetan ere jarraituko duela, aurten ez dugu asti handirik izan…

Lobak ikuskizuna apirilaren 27an izango da, prest al dago dena egun horretarako?

Erakustaldia apirilaren 27an da, 20:30ean Gernikako Lizeo Antzokian. Ikuskizuna 2 ordukoa izango da, formatu aldetik zenbait proiektuk areto bat eta momentu bat eskatzen zutelako. Orain arte ez diogu bonbo gehiegi eman, lekuz aldatzekotan egon gara, txiki geratuko delako lekua.

0

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>