
Uztailaren 5an hasi eta 16a bitartean abian da Dinamik(tt)ak 2010, sormenezko prozesuak eta bizipenak oinarri dituen auzolandegia. Hamabi egunez Euskadiko hamar gaztek, artista ezberdinen laguntzaz hainbat sormenezko jarduera egingo dituzte, Artium museoan zein beste hainbat tokitan. Aurten bosgarren urtea betetzen du ekimen honek eta gazteaukera partehartzaileengana hurbildu da beren testigantza jasotzeko.
Lidiak hamasei urte ditu eta lehendabiziko aldiaz parte hartzen du Dinamik(tt)ak sormen auzolandegian. Batxiler artistikoa ikasten ari da eta Beari esker jakin zuen auzolandegihauen berri. Beak ostera, oso ondo pasa zuen aurrekoan eta bigarren aldiz parte hartzen du. Bien ikuspegia jaso dugu elkarrizketa honetan.
Nola definituko zenukete Dinamik(tt)ak hitz gutxitan?
Dibertimendua, talde lana, originaltasuna eta gauzak egiteko gogo bizia.
Ohiko auzolandegia al da honakoa?
Ez, ohiko auzolandegietan ahalegin fisikoa egiten da batez ere, hemen aldiz, sormena lantzen dugu eta batez ere ahalegin intelektuala egiten dugu. Gonbidaturiko artistek gizarte gaien inguruko galderak botatzen dizkigute eta guk ondoren lanari ekiten diogu abiapuntu hori hartuta. Nire ustetan askatasun asko dugu hemen eta asko atsegin dut hori.
Garatuko duzuen programaren inguruko zein informazio duzue?
Blogean etorriko diren artisten inguruko informazio nahiko dago. Dena-den, artistak heltzen direnean ekintza edo dinamika batzuk planteatzen dituzte eta horren arabera hasten gara lanean.
Momentuz zer egin duzue?
Dani Neokinokekoa , telebista estudio bat nola egin azaltzen aritu da, konektoreak eta bestelako kontuak nola egin behar ditugun. Espiral antzerki taldeko kideekin egon gara ariketa ezberdinak egiten eta performance bat prestatzen.
Espazio publikoan egiten dituzue hainbat ekintza, zer deritzozue honi?
Hasieran lotsa pixka bat ematen zigun baina behin beldurrak gaindituta gustuko dugu. Zenbat eta jendearengandik gertuago egon hobe.
Nolakoa da auzolandegiko kideen arteko elkarbizitza?
Oso ona. Oso ondo konpontzen gara talde modura. Hainbat ezaugarri amankomun ditugu taldekideok eta harreman estua egin dugu.
Zer deritzozue artium museoan lo egiteari eta bizitzeari?
Gustuko dugu elkarrekin, jan, lo egin eta honelako toki batean egotea elkarbizitzen.
Zuen gurasoei zer iruditzen zaie honako auzolandegi hau?
Ondo dakusate. Gure gustukoak diren ekintzak egitea nahi dute udan eta auzolandegi hau egokia da. Ohiko arte hezkuntzaren gehigarri bat da honakoa.
Zer espero duzue, batez ere, bizipen honetatik?
Artearen munduan interesa duen jendea ezagutzea, lagunak egitea, artistengandik ikastea eta ongi pasatzea.


