Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko martxoaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioen 2024ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdia.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 66
- Hurrenkera-zk.: 1615
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/03/12
- Argitaratze-data: 2024/04/04
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioen 2024ko kirol-programak finantzatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak jarduera fisikoa eta kirola interes publikoko jardueratzat jotzen ditu, eta herritarrek jarduera horiek egiteko duten eskubidea aitortzen du. Hori dela eta, legeak bere printzipio gidarien artean ezartzen du botere publikoek, beren eskumenen esparruan, eskubide horren erabilera egokia izatea bermatuko dutela. Hori guztia, besteak beste, printzipio hauetan oinarritutako politika baten bidez egingo da: kirol-asoziazionismoa antolatzea eta sustatzea, kirol-egitura pribatuak aitortzea eta babestea eta goi-mailako kirola sustatzea.
Lege horren 3.2 d) artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie kirol-federazioak onartzea, bai eta haiei laguntzea, haiek finantzatzea, haietan esku hartzea eta haiek kontrolatzea ere, beren funtzio publikoak betetzen dituztela bermatzeko.
Finantza-betebehar hori agindu honen bidez gauzatzen da, beronen bidez egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioen 2024ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, eta hori guztia abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuan dago araututa, haren xedea baita kirol-federazioen kirol-programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emanez finantzatzeko araubidea erregulatzea.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta sail horren webgunean argitaratuta dago.
Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua dirulaguntza-programa hau landu eta aplikatzeko orduan.
Beraz, beharrezkoa da baldintzak eta irizpideak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioek entitate onuraduntzat hartzeko zer ezaugarri bete behar dituzten jakiteko, bai eta dirulaguntza horiek eskatu, izapidetu eta emateko arauak ezartzea ere. Horrenbestez, hau
Agindu honen xedea abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egitea da; dekretu horrek kirol-federazioen finantzaketa erregimena arautzen du.
2024ko ekitaldirako, bi milioi eta berrehun mila (2.200.000) euro bideratuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
Beren estatutuak Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretura egokitu dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioek jaso ahal izango dute dirulaguntza hau. Era berean, dagozkien gobernu-organoak izan beharko dituzte, estatutuen eta indarreko legediaren arabera.
Ezingo dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden entitateek.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera, ezin izango du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu sexuan oinarritutako bereizkeria dakarren jarduerarik. Lege horren 13.1 h) artikuluaren arabera, Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek ere ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso; ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
Ez zaie dirulaguntzarik emango, ez zuzenean eta ez zeharka, LGTBIfobia erakusten, bultzatzen edo sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei, publiko edo pribatuei edo finantzaketa mistoko inori ere, ezta bihurketa-terapiak sustatzen edo egiten dituztenei ere, hala arautzen baitu otsailaren 28ko 4/2023 Legeak (Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorrerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa), 82. artikuluan.
Onuradunek egunean izan beharko dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak izan beharko dituzte. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izateari ez uzteko, eta, beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.
Dirulaguntza ematea Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 145. artikuluan xedatutakoaren arabera kirol-federazioei egin zaizkien auditorien emaitzen baitan egongo da, auditoriarik egin bada. Hori Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak egiaztatuko du, ofizioz, dirulaguntza eman aurretik. Horretarako, Ekonomia eta Ogasun Sailari behar den kontsulta egingo dio deialdiaren urtean alor horretan egitekoak diren edo egin diren auditoriei buruz.
Agindu honetan jasotako dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira, hau da, agindu honen 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz eskabideek balorazio-fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da agindu honen 2. artikuluan adierazitako diru kopuru osoa, proportzionalki, jarritako gehieneko diru kopurua (edo, eskatutako zenbatekoa txikiagoa bada, zenbateko horixe) gainditu gabe betiere.
Entitate onuradun bakoitzeko dirulaguntza ezingo da izan 240.404,84 eurotik gorakoa, ezta eskatutako zenbatekoa baino handiagoa ere.
Entitateek, nahitaez, elektronikoki izapidetu behar dute dirulaguntza, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak agintzen duen bezala.
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan dago: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130108. Fitxa horretan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartzen da eskaera-formulariora.
Eskabidea egin osteko izapideak, barnean direla jakinarazpenak eta justifikazioak, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, elektronikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Entitateek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan agindu bezala.
Eskabideak aurkezteak deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla esan nahi du, hargatik eragotzi gabe agindu honen azken xedapenetako lehenengoan jasotako aurreikuspena.
Hilabete izango da agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzen eskabideak aurkezteko, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 12ko Aginduaren 6.2 artikuluaren arabera (2023ko otsailaren 12ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), organo kudeatzaileak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko du. Horretarako, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak eskatuko ditu. Hala ere, eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, modu arrazoituan, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluaren arabera, betekizun hauek egiaztatu behar dira eskabide normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
Xede bera duten eta bestelako administrazioei edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haiek emandako dirulaguntzen, bestelako laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.
Entitate eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne (espresuki adierazi behar da sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik ez duela).
Entitate eskatzaileak indarrean duela berdintasun-plana, eta neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, edo, hala badagokio, ez duela dokumentazio hori eduki beharrik.
Entitate eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, eskabide-inprimakian bete beharko diren atalak betez (hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili beharko da, eta datu guztiak, sexuaren arabera bereizita):
Kirol-proiektuaren azalpen-memoria, gai hauek aipatzen direla:
Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen kopuruaren zenbatespena, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera; parte hartzen duten kirolari eta kluben kopurua adierazi behar da zenbatespen horretan, eta parte hartzen duten kluben ehunekoa ere bai, federazioan afiliatuta dauden kluben guztizko kopuruarekiko.
Federazioak antolatzen lagundutako lehiaketak. Lehiaketen kopuruaren zenbatespena, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera; parte hartzen duten kirolari eta kluben kopurua adierazi behar da zenbatespen horretan, eta parte hartzen duten kluben ehunekoa ere bai, federazioan afiliatuta dauden kluben guztizko kopuruarekiko.
Kirol-prestakuntzako jarduerak. Garatu beharreko jardueren zerrenda, eta ordu kopuruari eta parte-hartzaile kopuruari buruzko zenbatespena.
Kirol-selekzioen jarduerak.
Euskaliten 3K Programako «Kudeaketa Aurreratuaren Diploma». Diploma horrek Euskaliten kanpoko kontraste-zerbitzua jasotzen duten eta kudeaketa aurreratua edo baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak aitortzen ditu.
Entitatearen 2024ko ekitaldirako urteko aurrekontua, Batzar Nagusiak onartua. Aurrekontu hori Zuzendaritza Batzordeak aurkez dezake, edo Batzar Nagusiak aldez aurretik izendatutako organoak, ondoren Batzar Nagusiak berresteko konpromisoarekin.
Agindu hau argitaratzen den egunean federazioan afiliatuta dauden eta Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak goi-mailakotzat dauzkan goi-mailako kirolarien zerrenda.
Federazioan euskara erabiltzeko araubidea azaltzen duen memoria; gai hauek aipatu behar ditu:
Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
Federazioaren dokumentuetan eta argitalpenetan euskara erabiltzea.
Webgunea euskaraz egotea.
Jendeari arreta euskaraz ematea.
Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.
Federazioko kideekiko harremanetan euskara erabiltzea.
Federazioaren hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.
Azalpen-memoria bat federazioak desberdintasunak desagerrarazteko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko aurrera eramandako ekintzei buruz.
Deialdia argitaratzen den egunean lizentzia federatua duten kirolarien kopurua. Datuak probintziaka bereizita aurkeztu behar dira.
Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak atzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio horrela egiten ez badu eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela iritziko zaiola, aldez aurreko ebazpen baten bidez.
Entitate eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza da agindu honetan araututako dirulaguntzen programa kudeatzeko organo eskuduna.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Kalifikazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori hauek osatuko dute: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak (batzordeburua izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako arlo horretako bi teknikarik (horietako bat idazkaria izango da).
Kalifikazio Batzordea eratzerakoan, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretua) 3.9 eta 20. artikuluetan ezarritakoa bete beharko da.
Kalifikazio Batzordearen benetako osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edonork errefusatzeko duen eskubidea erabil dezan, legez ezarritako kasuetan eta eran.
Batzorde horrek txosten batean zehaztuko du egindako ebaluazioaren emaitza. Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organo haren txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.
Gehienez ere 100 puntu lor daitezke.
Kalifikazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta zehaztutako alderdi guztiak ebaluatuko ditu, irizpide eta baremo hauen arabera:
Kirol-proiektua (puntuen % 55).
Aurkeztutako kirol-proiektuaren interesa baloratuko da, alderdi hauek kontuan hartuta:
Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak.
Federazioak antolatzen lagundutako kirol-lehiaketa ofizialak.
Federazioak egindako kirol-prestakuntzako jarduerak.
Kirol-selekzioen jarduerak.
Euskaliten 3K Programako «Kudeaketa Aurreratuaren Diploma». Diploma horrek Euskaliten kanpoko kontraste-zerbitzua jasotzen duten eta kudeaketa aurreratua edo baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten antolakundeak aitortzen ditu.
Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu guztien % 1 emango da euskaraz osorik garatutako ekintza hauetako bakoitzeko, eta puntuen % 0,5, berriz, partzialki garatutako ekintza bakoitzeko. Puntuen % 7 lortzen badira, beste % 3a gehituko da, % 10eko gehienekora iritsi arte.
Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
Federazioaren dokumentuetan eta argitalpenetan euskara erabiltzea.
Webgunea euskaraz egotea.
Jendeari arreta euskaraz ematea.
Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.
Federazioko kideekiko harremanetan euskara erabiltzea.
Federazioaren hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.
Autofinantzaketa (puntuen % 5), banaketa honen arabera:
0,00 - % 49,99: puntuen % 0.
50,00 - % 74,99: puntuen % 2.
75,00 baino gehiago: puntuen % 5.
Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak aitortutako goi-mailako kirolarien kopurua (puntuen % 5), banaketa honen arabera:
3 kirolari: puntuen % 2.
6 kirolari: puntuen % 4.
6 kirolari baino gehiago: puntuen % 5.
Desberdintasunak ezabatzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko federazioak hartutako neurriak. Zuzendaritza Batzordearen osaera. (puntuen % 20).
Zuzendaritza Batzordearen osaera (puntuen % 5, gehienez). Zuzendaritza Batzordean % 50 baino gehiago emakumeak badira, % 3 puntu. Zuzendaritza-karguetan emakumeak badaude: puntuen % 1 kargu bakoitzeko. Ez dira kontuan hartuko lurralde-federazioek emandako karguak. Zuzendaritza Batzordeen datuak Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta agertzen diren moduan hartuko dira.
Kiroleko indarkeria-, intolerantzia- eta diskriminazio-ekintzen aurkako protokoloak (puntuen % 2).
Berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak (puntuen % 2,5era arte).
Desberdintasunak ezabatzeko ekintza zehatzak (puntuen % 2,5era arte).
Berdintasun-plana (puntuen % 2,5era arte).
Hizkuntza berrikustea federazio-dokumentuetan (erregelamenduak, estatutuak, jakinarazpenak, eta abar) (puntuen % 2,5, gehienez).
Berdintasuna lortzeko ekintzetarako aurrekontu-partida zehatza (puntuen % 2,5era arte).
Deialdia argitaratzen den egunean lizentzia federatua duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).
Laguntzen zenbatekoa norgehiagoka-prozeduraren bidez zehaztuko da. Prozedura horren arabera, eskabideek 10. artikulu honetan jasotako irizpideak aplikatuta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa, betiere agindu honen 4. artikuluan ezarritako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak gainditu gabe.
Agindu honetan ezarritako mugak alde batera utzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein administraziok edo entitate publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak bateragarriak dira, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emango du eta jakinaraziko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzei buruzko ebazpena, organo kudeatzaileak helarazitako proposamena aztertu ondoren. Horretarako, hiru hilabeteko epea izango du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita. Ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Ebazpen-epea igaro eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela esan nahi du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, agindu honen 7. artikulua aplikatzekoa denean, ebazteko epea etenda geratuko da izapide horrek eskatzen duen beste denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
Jakinarazpenaren edukira sartzen den unean joko da hura egintzat, bat etorriz ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak (Herritarrentzako arreta integrala eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez irispidean izatekoa) 88. artikuluan xedatutakoarekin eta 39/2015 Legeak 43. artikuluan xedatutakoarekin.
Jakinarazi nahi den egintza dekretuak aipatzen duen helbide elektronikoan entitate interesdunaren edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igarotzen bada eta interesduna ez bada sartu jakinarazpenaren edukira, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Kasu horretan, izapidea betetzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo pertsona edo entitate hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
Interesdunak gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat eman dezake jakinarazpenen abisuak hara bidaltzeko.
Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legeak (uztailaren 13ko 29/1998 Legea) aurreikusitakoaren arabera.
Dirulaguntza honela ordainduko da:
Laguntza eskatzen den urtearen aurreko urtean laguntza lortu duten federazioei laguntza haren % 50 ordainduko zaie aurretiaz. Aurreko urtean laguntzarik jaso ez duten federazioek aurreko urtean dirulaguntza txikiena jasotako federazioari emandako laguntzaren % 50 jasoko dute aldez aurretik.
Aurreko urtean emandako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren, bigarren ordainketa egingo da, aipatutako urteko dirulaguntzaren % 25ekoa. Bigarren ordainketa lehenengoarekin batera egin ahal izango da, baldintza hau une horretan betetzen bada.
Dirulaguntzaren gainerakoa, laguntza eskatzen den urterako onartutako laguntza osoa lortu arte, ordainketa aurreratuetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon behar du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren bere datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar-araubidea bete beharko dute:
Diruz lagundutako jarduera egitea.
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost egun balioduneko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela pentsatuko da.
Aurkeztutako aurrekontuan jasotako gastuak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, bat etorriz dirulaguntza emateko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ebazpenarekin.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.
Organo emaileari jakinaraztea bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
Kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaion merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako eran, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko guztiak izatea ere, egiaztatze- eta kontrol-zereginak egoki betetzen direla bermatzeko.
Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak ere bai, haietan ere egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egin behar izatea gerta baitaiteke.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko. Emakumeen eta gizonen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egotea bermatuko da.
Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudiak hala agintzen duen kasuetan.
Bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikulua bete behar da. Artikulu horren arabera, onuradunek publizitate egokia eman behar diote diruz laguntzen diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, erregelamenduz ezarritako eran.
Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko azken eguna 2025eko urtarrilaren 20a izango da; agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraikiz aurkeztu behar dira, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan justifikazioak aurkezteko ezarritakoa kontuan hartuta.
Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharreko egiaztagiriak:
Gauzatutako kirol-proiektuaren memoria, eskabidean jasotako jarduerak egin izana justifikatzeko agiriekin batera, datu guztiak sexuaren arabera bereizita.
2024ko aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua (I. Eranskina).
Gastua justifikatzea, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuta. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Faktura eta egiaztagiri guztiak espediente elektronikoan sartuko dira. Aurkeztutako fakturek entitate onuradunaren jardueraren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte.
Egindako gastuen zerrenda xehatua, jarduerako guztizko zenbatekoaren pareko gastu-zenbatekoa erakusten duena (II. Eranskina).
Helburu berbererako ziren baina eskabideak aurkezteko unean ezagunak ez ziren eta hartu ziren bestelako laguntzen zerrenda.
Eskabidea aurkeztu eta bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa hartu duten federazioek erabilera hori egiaztatzen duten agirien aleak aurkeztu behar dituzte.
Federazio-lizentzien guztizko kopurua, deialdiaren agindu hau argitaratzen den egunekoa.
Hauek hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezartzen diren eta 2024an egiten diren horiek.
Euskal kirol-federazioen kirol-programetarako dirulaguntzak ematea arautzen duen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoak dira ez-betetze kasuak, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. Tituluko 35-43 artikuluetan jasotakoak ere.
Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, osorik edo partzialki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 36. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan agintzen duen eran, eta hori lege horren 40. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez izapidetuko da. Horrez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edo bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, aldatu ahal izango da dirulaguntzak emateko ebazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeak 25. artikuluan agindutako eran, baldin eta dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.
Agindu honetan aurreikusitako likidazioetan edo ez-betetzeetan, eta 14. artikuluan aipatzen den kasuan, prozedura hau izango da:
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak hasiera emango dio likidazio- eta itzulketa-prozedurari, eta 10 egun balioduneko epea emango dio onuradunari egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Prozedura hasteak, hala badagokio, eten egingo ditu oraindik egiteke dauden ordainketak.
Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, hasiera emateko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, adieraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola dagozkion diru kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak, ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinaraziko zaio, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
Datu pertsonalak tratatu eta «Kirol arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila.
Helburua: kirolaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuta eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da aurreikusten datuen komunikaziorik.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 12a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko maiatzaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskal kirol-federazioen 2024ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzen eskariak aztertzen eta ebaluatzen duen Balorazio Batzordearen batzordekideak izendatzen dituena eta batzorde horren osaeraren berri ematen duena.
- Zuzendutakoa: HUTS-ZUZENKETA, honako agindu honena: Agindua, 2024ko martxoaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita euskal kirol-federazioen 2024ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdia.