Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 884.057,60 euro inbertitu dute Lucia meategiko asfalto naturalen meatze paisaiak berreskuratzeko

Argitalpen-data: 

  • Bere erabilera publiko eta ekoturistikorako berreskuratu da eta espazioko lurpeko lanen balioa nabarmendu nahi izan da, Maeztu inguruko baliabide kultural eta natural gisa
  • Arabako Mendialdean kokatuta, Lucia meategia maiatzean irekiko da jendearentzat, asfalto naturalen meatze paisaia erakusteko

Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkatea Ataurin izan dira gaur goizean Lucia meategia bisitatzen, hura berreskuratzeko obrak amaitu baitira.

Mendialdeko asfalto naturalen meatze paisaietako bat da, eta erabilera publikorako eta ekoturismorako berreskuratu da. Eremu horretako lurpeko lanei balioa eman zaie, baliabide kultural eta natural gisa, Maeztu inguruko asfalto meatzaritzari lotuta.

Lanak honako hauek izan dira: espazioa segurtatu, sendotu eta egokitzea ezagutarazteko, gutxieneko esku hartzearen eta ondare natural eta historikoa errespetatzen duten jarduketen premisa argiarekin. Ageriko eraldaketa horrek, gaur egun, meategi zaharrean sartzea ahalbidetzen du, 300 metroko ibilbide bitxi batean.

Ramiro González diputatu nagusiaren iritziz, “Lucia meategia ardatz nagusia da, Mendialdeko meatze esparruarekin lotutako dibulgazio eta ekologia eta aisialdi jarduera etorkizun hurbilean ardaztuko duen eragilea”.

Arabako mandatariaren ustez, “meatze paisaia horietan aparteko berezitasun balioak biltzen dira. Arabak eta, bereziki, eskualde horrek ondare historiko, kultural eta natural bikaina du. Ezkutuan egon diren altxor horietako batzuek orain argia ikusten dute”.

Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatze paisaiak berrezartzea aparteko berezitasuna da Europan, ez baitago antzeko asfalto meategirik. XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen hasierara artean asfalto naturalak lortzea Arabako zorupeko aberastasun handienetakoa izan zen, eta Arabako industria Estatuaren buruan jarri zen lehengai mota horretan.

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, batera finantzatu ahal izan dira ingurumena lehengoratzeko lanak eta La Lucia meategiaren balioa nabarmentzea. Proiektu horren inbertsioa 884.057,60 euro da.

Tapia sailburuak azaldu duenez, jarduera horren bidez, “balio geologiko, zientifiko eta dibulgatibo handiko jarduera berri bati balioa ematen zaio, asfalto naturalaren aprobetxamendu historikoa duten eremu horietan berezkoak baitira, Izkiko Parke Naturalean, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) ere den gune pribilegiatu batean; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko naturagune babestu garrantzitsuenetako bat da”.

Nabarmendu duenez, baliabide horrek “arloaren sustapen jasangarriari eta sustapen sozial eta ekonomikoari buruzko helburuak lortzen lagunduko du, baita bisitarien ezagutza eta gozamena sustatzen ere, hezkuntza, kultura, aisia eta gizarte intereseko jarduerak garatuz”.

Lucia meategia jendearentzat irekiko da laster. Lehenik eta behin, Arabako Mendialdeko biztanleentzat asteburu hauetan: martxoaren 25ean eta 26an eta apirilaren 1ean, 2an, 8an eta 9an hitzordua hartu ostean kuadrillako telefonoan (945 40 54 24). Bisita gidatuak izango dira iraganarekin eta garaikide gehienentzat ezezagunak diren bizimoduekin berriz elkartzeko.

Maiatzetik aurrera, espazio berezi hau ezagutu nahi duten pertsona guztiek ibilbide gidatua egin ahal izango dute aldez aurretik hitzordua hartuta, kuadrillaren bitartez ere harremanetan jarrita. Bisita txandak egingo dira, eta bakoitzean gehienez 10 pertsona egongo dira.

Lucia meategia

Lucia meategia meatzaritza zahar horretako espazio baliotsuenetako bat da, Izkiko parke naturalean kokatua, eta hura berreskuratzeak aukera ematen du andeatutako espazio horiek leheneratzea, turismo industrialaren eta naturaren ikuspegitik zabaltzeko.

Ezaugarri berezia du: maila asfaltiko altuak ditu, eta mineral likido horren ikuspegi aparta eskaintzen dute. Horrek ezinbesteko ahalmena ematen dio erabilera didaktiko-dibulgatikorako, bai eta aisiarako eta turismorako ere.

Meategi zahar hori Natura 2000 Sareko eta haren babes eremu periferikoetako ekologia eta paisaia balio handiko eremuetan dago kokatuta.