Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2022ko abenduaren 26koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, 2022ko urtarrilaren 26ko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Aginduaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa. Agindu horren bidez, 2015-2020ko aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartutako Leader Eremuko landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak arautzen dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 25
- Hurrenkera-zk.: 599
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/12/26
- Argitaratze-data: 2023/02/06
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Ikusita: Goian aipatutako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren babesean aurkeztutako laguntza-eskaerak, Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan zerrendatu direnak, bai eta eskariekin batera aurkeztutako dokumentazioa ere (espediente-zenbakiak aipatutako eranskinetan agertzen dira).
Oinarria: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduek, abenduaren 17koek, besteak beste, honako laguntza hauek ezartzen dituzte: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa (LGENF) eta landa-garapenaren aldeko Batasuneko laguntzak. Laguntza horiek eskualdeentzako Landa Garapenerako Programen bidez gauzatzen dira eta aukera dago finantzaketa nazional gehigarriarekin osatzeko.
Oinarria: Lehen aipatutako Europar Batasunaren erregelamenduen arabera, Europar Batasuneko LGENF funtsari dagokio Batasuneko finantzaketa egitea.
Oinarria: abenduaren 8ko 275/2020 Dekretuarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileari dagokio Europar Batasuneko LGENF funtsaren kontura finantzaturiko laguntzak ordaintzea, erakunde horrek bakarrik baitauka horretarako eskumena.
Kontuan izanda 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren 6. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztutako eskaerak aztertzeaz eta ebaluatzeaz arduratzen den Tokiko Ekintzak Taldeak egindako ebazpen-proposamena.
Lehen azaldutakoa kontuan izanda,
Lehenengoa. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduan araututako laguntzak ematea ebazpen honen I. eranskinean aipatutako eskatzaileei. Eranskin horretan honako hauek zehazten dira: pertsona edo erakunde onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa, puntuazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura onartutako laguntzaren zenbatekoa. Laguntza hori finantzaketa gehigarri gisa agertzen da 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapenerako programan. Zenbatekoa, guztira, 11.015.411,54 eurokoa da.
Bigarrena. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduan araututako laguntzak aitortzea ebazpen honen II. eranskinean aipatutako eskatzaileei. Eranskin horretan honako hauek zehazten dira: pertsona edo erakunde onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa, puntuazioa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kontura (LGENF) onartutako laguntzaren zenbatekoa. Zenbatekoa, guztira, 4.657.394,75 eurokoa da.
Hirugarrena. Ukatzea ebazpen honen III. eranskinean aipatutako eskatzaileei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduan araututako laguntzak. Ukazioaren zioak eranskin horretan zehaztu dira.
Laugarrena. Jarduerak edo inbertsioak gauzatzeko epea beranduenez ere 2023ko abenduaren 31n bukatuko da, eta horiek ezin izan dira hasi 2022ko ekitaldia baino lehen. Salbuespen gisa, gauzatze-epe hori luzatzeko luzapenak eman ahal izango dira, betiere luzapena behar bezala justifikatzen bada eta jarduerak eta/edo inbertsioak amaitu baino hilabete lehenago eskatzen bada.
Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa laguntza-lerro bakoitzaren arabera egingo da, 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz.
Pertsona onuraduna eratze-fasean dagoen pertsona juridikoa baldin bada, hura entitate pertsonifikatu bihurtzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.
Era berean, baimenak edo lizentziak behar diren kasuetan, horiek lortzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.
808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduko III. eranskinaren I. zatian adierazitakoaren arabera (informazioari eta publizitateari buruzkoa), onuradunek LGENFtik jasotako laguntzari buruzko informazio publikoa eman behar dute, Eranskin horretan adierazitako moduan.
Onartutako proiektua ezarritako epeetan egiten ez bada, edo epe horretan gauzatu izanaren egiaztagiriak aurkezten ez badira, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute eta, hala badagokio, agindu arautzailearen 13.5 oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.
Lagundutako proiektua betetzen ez bada, edo laguntza ematea ekarri duten betekizunak eta baldintzak betetzen ez badira eta, bereziki, laguntza jaso duten inbertsioei inbertsioa egin eta gutxienez ondorengo bost urteetan eusten ez bazaie, ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo zaharberritzen diren kasuetan edo gainerako ondasunen kasuan, edo hiru urteetan, kontratazio-lerroaren babesean sortutako besteren konturako lanpostuen kasuan, edo bi urteetan, ekintzailetzari laguntzeko lerroak babestutako proiektuen kasuan, orduan, laguntzak eten egingo dira, eta, hala badagokio, eskuratutako kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo zati batean.
Bosgarrena. Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen honen aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 26a.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria,
JONE MIREN FERNÁNDEZ LANDA.
(Ikus .PDF)