Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko irailaren 21ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten eta aldatzen baita Etxisua SLri Burgeluko udal-mugartean (Araba) txerri-azienda gizentzeko jarduerarako eman zitzaion ingurumen-baimen integratua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 228
  • Hurrenkera-zk.: 5206
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/09/21
  • Argitaratze-data: 2022/11/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez, Etxisua SLri ingurumen-baimen integratua eman zitzaion, Burgeluko udal-mugartean (Araba) txerri-azienda gizentzeko jarduera egin zezan.

2012ko urriaren 30ean, 2016ko martxoaren 16an eta 2018ko irailaren 18an, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskapen-bisitak egin zituzten adierazitako instalaziora, aipatutako ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen zirela egiaztatzeko, eta bisitei buruzko aktak egin ziren.

2011ko uztailaren 29an, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2012ko urtarrilaren 23an, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

2013ko urriaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua argitaratu zen, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena (aurrerantzean, Industriako Emisioen Erregelamendua).

2013ko abenduaren 11n, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea argitaratu zen.

2014ko abenduaren 18an, Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua onartu zen, zeinaren bidez 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztu baitzen; onartu zen, orobat, Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua, Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.

2015eko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana onartu zen.

2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea onartu zen.

2016ko abenduaren 31ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua argitaratu zen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena (aurrerantzean, IPPC Legea).

2017ko otsailaren 21ean Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari buruzko zuzentaraua).

2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean; agindu horretan ezartzen da noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak.

2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea, eta 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, IPPC Legean xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

2020ko urtarrilaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretua, zeinaren bidez indargabetzen baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

2020ko otsailaren 13ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretua argitaratu zen, txerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta txerri-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena.

2020ko ekainaren 19an, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2011ko otsailaren 9an, 2011ko urriaren 27an eta 2012ko apirilaren 3an, Etxisua SL sozietateak baimenaren aldaketa ez-funtsezkoak jakinarazi zituen: minda-putzu bat egiteko proiektu teknikoa, eta orientazio zooteknikoaren aldaketa, ziklo itxikoa izatetik gizentzekoa soilik izatera igarotzeko. Aldaketak funtsezkoak ez zirela berretsi zuen organo honek, 2011ko martxoaren 16an, 2011ko azaroaren 11n eta 2012ko apirilaren 26an. Nolanahi ere, 2016ko martxoaren 16ko, 2018ko irailaren 18ko eta 2021eko otsailaren 25eko ikuskapen-akten arabera, kanpoko putzua ez zen eraiki; horiek horrela, erabaki zen mindak giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuetarako (SANDACH) hurbileko establezimendu baten putzura eramatea.

2020ko urriaren 26an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak aurretiazko kontsultak hasi zituen organismo eskudunekin, eta, horren ondorioz, AAI00261_REV_2020_001 administrazio-espedientea ireki zen.

2020ko azaroaren 4an eta azaroaren 24an, hurrenez hurren, Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erabakiak jaso ziren.

Ingurumeneko sailburuordearen 2021eko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua berrikusteko prozedura hastea erabaki zen, eta Etxisua SLri eskatu zitzaion instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan eta instalazioaren isurketei buruzko beste dokumentu batzuetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bidaltzeko.

2021eko otsailaren 2an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Etxisua SLk.

Aurkeztutako agiriak aski zirela egiaztatu ondoren, 2021eko apirilaren 12an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko martxoaren 25eko Iragarkia, zeinaren bidez jendaurrean jarri baitzen aipatutako espedientea.

Ez zen alegaziorik aurkeztu espedientea jendaurrean egon zen aldian.

Organismo eskudunei txostenak eskatu zitzaizkien 2021eko apirilaren 27an eta maiatzaren 4an eta 18an; honako hauei, hain zuzen ere: Burgeluko Udala, URA-Uraren Euskal Agentzia, Osasun Publikoko Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza.

Osasun Publikoko Zuzendaritzaren eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenak jaso ziren, 2021eko maiatzaren 21ean eta ekainaren 17an, hurrenez hurren.

2022ko abuztuaren 2an, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak aipatutako espedientea eta ebazpen-proposamena Etxisua SLren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako.

2022ko abuztuaren 18an, Etxisua SLk entzunaldiaren epea luzatzeko eskatu zuen, eta Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak eskaera onartu zuen abuztuaren 23an.

2022ko abuztuaren 31n, Etxisua SLk alegazioak aurkeztu zizkion ebazpen-proposamenari.

IPPC Legearen 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

Lurpeko urak kutsaduratik eta narriaduratik babestea arautzen duen urriaren 2ko 1514/2009 Errege Dekretuaren I. eranskinaren arabera, nitratoak lurpeko ur-masen egoera kimikoa ebaluatzeko funtsezko parametroak dira.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak, zeina nekazaritzatik datozen nitratoek sortutako kutsaduraren aurka urak babesteari buruzkoa baita, hitzaurrean dioenaren arabera, «Egoera jakin batzuetan nekazaritzako ekoizpen intentsiboak eragindako uren kutsadura gero eta nabarmenagoa da, eta, bereziki, azaleko eta lurpeko uretako nitratoen kontzentrazioa handitzen ari da...».

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 17. artikuluan zehazten dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurpeko uren ingurumen-helburuak, hala nola lurpeko uretara kutsatzaileak iristea eragoztea edo haien kopurua murriztea, lurzorua ur-masak errespetatuz erabiltzea eta giza jardueraren ondorioz kutsatzaileen kontzentrazioa handitzeko joera nabarmen eta etengabe oro alderantzikatzea.

Etxisua SLren instalazioa nitratoen kutsadurarekiko eremu kaltebera batean kokatuta dago, hala adierazi baitzen Ingurumeneko eta Lurralde Plangintzako sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko apirilaren 8ko Aginduan, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko unitate hidrologikoaren ekialdeko sektorean dagoen nitratoen kutsadurarekiko eremu kaltebera Dulantzi sektorera zabaldu baitzen.

Minda biltegiratzeari eta horiek in situ tratatzeko aukerari dagokienez, IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen du legearen helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.

IPPC Legeak, 3. artikuluan, honela definitzen du «teknika erabilgarri onena»: jarduerak eta horien ustiapen modalitateak garatzeko faserik eraginkorrena eta aurreratuena, zeinak erakusten baitu zenbait teknikak badutela emisioen muga-balioen eta baimeneko beste baldintza batzuen oinarri izateko ahalmen praktikoa, isurtzeak eta ingurumenaren eta pertsonen osasunaren gaineko inpaktua saiheste aldera edo, besterik ezin bada, murrizte aldera.

Hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari buruzko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituen (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakiak instalazio guztiei baldintza absolutu gisa aplikatu beharreko baldintzak ezartzen ditu.

Hala ere, instalazioari aplika dakizkiokeen teknika erabilgarri onenak zehazteko erreferentzia da «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Intensive Rearing of Poultry or Pigs. Industrial Emissions Directive 2010/75/EU (Integrated Pollution Prevention and Control) (2017)».

Mindak in situ biltegiratzeko eta tratatzeko teknologia onenen artean aipatzen da hormigoizko edo aireko altzairuzko biltegiak edo material-azalerarekin kontaktuan ez dagoen estalki batekin lurperatuak instalatzeko aukera, usainak sortzea saihesten duena eta euriteen aurrean gainezka egiteko arriskua minimizatzen duena (2.6.5.1 apartatua).

Bestalde, dokumentuaren 2.7 apartatuak («On-farm manure processing») mindak instalazioan bertan tratatzearen ingurumen-abantailak deskribatzen ditu:

Simaurraren hondar-energia berreskuratzea.

Biltegiratzean eta/edo soroan aplikatzean botatzen diren usainak murriztea.

Fase solidoa eta likidoa bereiztea.

Simaurrak duen nitrogeno edukia murriztea, soroan aplikatzearen ondorioz azaleko eta lurpeko urak ez kutsatzeko eta sortutako usaina murrizteko.

Beste leku batzuetara erraz eta segurtasunez garraiatzea, beste prozesu batzuetan erabiltzeko.

Ukuiluratzean, biltegiratzean eta soroan erabiltzean simaurraren N eta C galerak murriztea.

Teknikoki posible da aurretik aipatutako mindak in situ biltegiratzeko eta tratatzeko hobekuntzak instalazioan ezartzea, eta «jarduera eta ustiapen-modalitateak garatzeko faserik eraginkorrena eta aurreratuena» da.

Emisioen Erregelamenduaren 26. artikuluak, ingurumen-baimen integratua berrikusteari dagokionez, honako hau ezartzen du 4. apartatuan:

Betiere, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

(...).

  1. Isurketak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

    (...).

IPPC Legearen 22.5 artikuluak xedatzen duenez, organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan deskribatu ez den teknika erabilgarri onenen batean oinarritutako baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau egiaztatu beharko du:

  1. Teknika hori 3. eranskinean azaltzen diren irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela.

    7. artikuluko betekizunak betetzen direla.

    Era berean, 3. eranskinak oro har kontuan hartu behar diren alderdiak edo kasu berezi batean kontuan hartu behar direnak, 3.12 artikuluan definitzen diren teknika erabilgarri onenak zehazten direnean, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta onurak eta zuhurtasunaren eta prebentzioaren printzipioak kontuan harturik hauek aipatzen ditu, besteak beste:

    1. Prozesuan sortutako eta erabilitako substantziak eta, hala behar denean, hondakinak berreskuratzeko eta birziklatzeko teknikak garatzea.

    2. Eskala industrialean emaitza positiboak eman dituzten prozesu, instalazio edo funtzionamendu-metodo konparagarriak.

    3. Aurrerapen teknikoak eta ezagutza zientifikoen bilakaera.

    4. Kasuan kasuko isurtzeen izaera, ondorioak eta bolumena.

    1. Isurtzeen inpaktu globala eta ingurumeneko arriskuak prebenitzeko edo ahalik eta gehien murrizteko premia.

    2. Istripu-arrisku oro prebenitzeko edo istripuek ingurumenean izan dezaketen eragina murrizteko premia.

    Ingurumen Sailburuordetzak eska dezake biltegiratze alternatibo bat eta in situ tratamendu bat ezartzearen bideragarritasuna baloratzea, ingurumen-eraginak minimizatzeko; bada, bidezkoa da, halaber, instalazioaren baimena berrikustea, horretarako eskakizuna gehitzeko.

    Bestalde, IPPC Legearen 10. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako irizpideekin bat etorriz, 2011ko otsailaren 9an, 2011ko urriaren 27an eta 2012ko apirilaren 3an jakinarazitako aldaketak ezin dira «funtsezko aldaketa» gisa kalifikatu.

    Aipatutako aldaketak ez daude sartuta ez Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen IB eranskinean ez Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eta II. eranskinetan. Horregatik, bada, aipatutako aldaketak ez dira arau horietan ezarritako ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezein prozeduraren mende jarriko.

    2090/2008 Errege Dekretuan jasotako eskakizunak ingurumen-baimen integratuan jasotzea egoki jo denez, ingurumeneko finantza-bermea eratzeari buruzko puntu bat gehitu behar da.

    Egoki jo da ingurumen-baimen integratuan oinarrizko txosten bat eranstea. Txosten horrek, IPPC Legearen 12.f) artikuluaren arabera, «lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko beharrezkoa den informazioa jasoko du, jarduerak behin betiko utzi ondorengo egoerarekin konparazio kuantitatiboa egiteko...».

    Orobat, egoki jo da lurpeko urak kutsatzeko arriskuari buruzko ebaluazio sistematikoa sartzea ingurumen-baimen integratuan, Industriako Emisioen Erregelamenduaren 10.2 artikuluaren arabera.

    Ingurumen-baimen integratuan 4/2015 Legean ezartzen diren eskakizunak jasotzea egoki jo denez, betiere 209/2019 Dekretuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduak araututako moduan, lurzorua babesteko baldintzak aldatu behar dira.

    2021eko otsailaren 2an aurkeztutako TEOen azterketa-memorian eta 2022ko abuztuaren 31ko alegazioetan, Etxisua SLk adierazi du lurzoruaren oinarrizko txostena aurkeztetik salbuetsita dagoela, aurreko paragrafoan aipatutako 209/2019 Dekretuaren X. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

    IPPC Legearen 26. artikuluan eta 2010eko otsailaren 8ko Ebazpenaren bosgarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-baimena egokitu behar da, airearen kalitatea babesteari, sarera isurtzeko baldintzei, hondakinak sortzeari, lurzorua babesteari eta zaratarekin lotutako baldintzei buruzko apartatuen idazketa eguneratzeko eta ontziak merkaturatzeari buruzko apartatu berri bat sartzeko.

    Ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria egin da, eta, hortaz, egokia da Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko otsailaren 8ko Ebazpenaren baldintzak indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, aipatutako Ebazpenaren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Baimena aldatzeko jakinarazpenean emandako informazioa nahikoa zen.

    Bestalde, ekainaren 11ko 5/2013 Legeak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena) uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluaren edukia ezabatu zuenez (ingurumen-baimen integratua berritzeari buruzko artikulua), 2010eko otsailaren 8ko Ebazpenaren bosgarren apartatuaren edukia aldatu beharra dago, ingurumen-baimen integratua aldatzeko kasuak eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoak behar bezala kontuan hartzeko.

    Bestalde, IPPC Legeak ez du ingurumen-baimen integratua berritzea ezartzen; beraz, 2010eko otsailaren 8ko Ebazpenean berrikuntza horri buruz zegoen apartatua aldatzea bidezkoa da, ingurumen-baimen integratua aldatzeko kasuak eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoak behar bezala kontuan har daitezen.

    IPPC Legearen 7. artikuluak ingurumen-baimen integratuko emisioen muga-balioak zehazteko kontuan hartu behar diren alderdiak ezartzen ditu, eta, besteak beste, instalazioen ezaugarri teknikoak, industria-jarduera garatzen den kokapen geografikoa eta isurtzeen izaera jasotzen ditu.

    IPPC Legearen 26. artikuluan, ingurumen-baimen integratua zein kasutan aldatu eta berrikusi behar den zehazten da, indarraldiari epe zehatzik ezarri gabe, eta beraz, baimenaren laugarren apartatua ezabatu eta bosgarrena aldatu behar da.

    815/2013 Errege Dekretuak, besteak beste, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretua indargabetzen du, eta, beraz, 2010eko otsailaren 8ko Ebazpenaren bigarren apartatuko G azpiapartatua ezabatu behar da.

    Industriako Emisioen Erregelamenduaren 13. artikuluak xedatzen duenez, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko araudiak ukitutako enpresek aukera dute jarduera aldi baterako uzteko; hori aintzat hartuta, berariazko atal bat erantsi behar da, utzialdiak dirauen bitartean ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezar daitezen.

    Urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretuak indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), ingurumen-baimen integratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.

    Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren 14.1.d artikuluaren arabera (industriako emisioei buruzko Zuzentaraua, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuarena), Ingurumena Zaintzeko Planaren emaitzak urtero aurkeztu behar dira.

    Industriako Emisioen Erregelamenduaren 15.9 artikuluaren arabera, berrikuspen-ebazpena ingurumen-baimen integratuan txertatu beharko da, testu bakar gisa.

    Halaber, administrazio-epeak etenda geratu ziren martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretua indarrean jarri arte 463/2020 Errege Dekretua, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena; 537/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez luzatu egiten baita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).

    Ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.

    Honako hauek aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 515/2009 Dekretua, irailaren 22koa, Abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena; 306/2020 Errege Dekretua, otsailaren 11koa, Txerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta txerri-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena; 637/2021 Errege Dekretua, uztailaren 27koa, Hegazti Abeletxeen Oinarrizko Antolamendu Arauak ezartzen dituena; 1/2006 Legea, ekainaren 23koa, Urarena; 261/1996 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Nekazaritzatik datozen nitratoek sortutako kutsaduraren aurka urak babesteari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1069/2009 (EE) Erregelamendua, 2009ko urriaren 21ekoa, Animalia-azpiproduktuei eta gizakiek kontsumitzeko ez diren produktu eratorriei aplikatu beharreko osasun-arauak ezartzen dituena eta Animalia-azpiproduktuei buruzko 1774/2002 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

    Orobat aztertu dira Etxisua SLk entzunaldi-izapidean aurkeztu zituen alegazioak; horrenbestez, hau

Lehenengoa. IPPC Legeak xedatutakoaren ondorioetarako, ez-funtsezkotzat jotzea Etxisua SLk sustatutako instalazioetarako aurkeztu diren aldaketak; hain zuzen ere, minda-putzu bat jartzeko proiektu teknikoa eta eme ugaltzaileen fasearen ezabatzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean (ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurari aplikatu behar zaion araubide juridikoari dagokionez) eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari jarraikiz, ez dago zertan aldaketa horiek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren mende jarri.

Bigarrena. Etxisua SLri (IFZ: B01047794) Burgeluko udal-mugartean (Araba) txerri-azienda gizentzeko jarduerarako eman zitzaion ingurumen-baimen integratua berrikustea, eta baimen horren baldintza guztiak egokitzea, legea betetzeko.

Jarduera hori IPPC Legearen 1. eranskineko kategoria honetan sartuta dago:

«9. Nekazaritzako elikagaien industriak eta abeltzaintzako ustiategiak.

  1. Hegaztizaintza edo txerri-hazkuntza intentsiborako instalazioak, baldintza hauek betetzen dituztenak:

    2.000 kokagune 30 kg-tik gorako gizentzeko txerrientzat.

    Otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuari dagokionez (txerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta txerri-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena), instalazioa gizentze-ustiategi gisa sailkatzen da, haren orientazio zooteknikoa dela eta, eta bigarren taldeko gisa, ekoizpen-ahalmena dela eta.

    Instalazioa (NIMA: 0100001467) Burgeluko udalerrian dago (Camino del Canal z.g.), Argomaizko gunearen hegoaldean, sozietatearen izen bera duen parajean. Mendi-hegalean dago, Arabako Lautadako muino baten magalean, landa-lurretan eta labore estentsiboez inguratuta.

    Azalera eraikia 3.006,50 m2 da, eta azalera osoa, berriz, 15.000 m2. Azalera eraikian daude gizentzeko lau pabiloiak (1.091, 1.013, 450 eta 452 m2-koak, hurrenez hurren), baita eranskinak eta lantegiak ere. Pabiloi handiak hiru korridoreren bidez antolatuta daude, eta haietatik txerritegietara iristen da; pabiloi txikiak, berriz, erdiko korridore baten inguruan daude, eta txerritegiak dituzte alboetan. Gehienez ere 14 animaliarentzat diseinatuta daude txerritegiak, eta zoru saretaduna eta kontsumo txikiko edontziak dituzte. Ez dago berokuntzarik, ezta aireztapen mekanikorik ere. Aireztatzea naturala da; automatikoki erregulatzen da, alboko leihoak irekiz eta itxiz. Beroa denean, ur-ihinztagailuak erabiltzen dira. Animalien gorozkiak eta garbiketa-urak pabiloien azpiko sekzio angeluzuzeneko hobi sakonetara (0,7 m) erortzen dira grabitatearen ondorioz.

    Gaur egun, txerriak gizentzeko jarduera egiten da ustiategian, eta 3.350 plaza daude. Gizentzea hazkunde-fase bat da, aurregizentze- edo trantsizio-fasetik datozen txerrikumeekin hasten dena, 20 kg inguruko pisu bizia eta 7-11 asteko adina dutenekin, eta gizendutako txerria hiltegira bidaltzean amaitzen dena. Hiltegira bidaltzen diren txerriek 100-125 kg pisatu ohi dute, animalia zertarako den eta zatiketa-gelan nola erabiliko den kontuan hartuta. Gizentze-zikloak 140-150 egun irauten du, eta, ondoren, 4-5 eguneko garbiketa eta hustuketa sanitarioa egiten da. Pentsua soltean jasotzen da, eta siloetan biltegiratzen, eta handik pabiloietara dosifikatzen da sistema automatizatu baten bidez. Pentsuaren konposizioa ezberdina da animalien bost hazkunde-faseetan.

    Etxisua SLk 8.550 kWh/urte energia elektriko kontsumitzen du txerriak gizentzeko jardueran. Ez du transformadore edo sorgailu propiorik; behe-tentsioko hiri-sarearen bidez hornitzen da. Udal-sarearen bidez hornitzen da urez, eta urtean 3.315 eta 3.850 m3 artean kontsumitzen du.

    Emisio atmosferiko nagusiak amoniakoaren eta metanoaren emisio lausoak dira, txerri-jarduerak berak eragindakoak.

    Etxisua SLk ez du ezer isurtzen uretara, zeren eta mindak, garbitze-urak eta ur beltzak biltzeko kanalizazio-sare bat baitago; isuri beharrekoa pabiloien azpiko hobietara isurtzen du. Euri-urak lurrera joaten dira; ez dira inoiz nahasten prozesuko beste elementu batzuekin edo urarekin. Instalazioa Dulantzi ibaian gora dago; lurraren litologia kareharri ezpuruz eta kalkarenitez osatuta dago, eta pitzadura bidezko batez besteko iragazkortasun-maila du.

    Hondakin ez-arriskutsu garrantzitsuenak gizentze-prozesu nagusikoak dira: minda eta animaliak; ez da ontzirik merkaturatzen. Pabiloien azpiko hobiek, guztira, 3.000 m3 minda biltzeko edukiera dute. Hormigoizko biltegiratze-hobi lurperatu eta itxi batera husten da, grabitatearen bidez. Hobi horrek 360 m3-ko edukiera du, eta gainezka egitearen aurkako alarma bat dauka. Ustekabean gainezka egingo balu ere, instalazioko ibai-uren kanaleta perimetralak sifoiak ditu Dulantzi ibaiaren ubidearen azpian, eta sifoi horiek enpresaren finka bateko larrialdietako biltegi batera husten dute. Mindak kudeatzeko, zisterna bidez 18 m3-ko loteak atera, eta kudeatzaile baimenduari ematen zaizkio. Etxisua SLk urtean 3.285 m3 minda sortzea aurreikusi du. Gorpuak edukiontzi batean jartzen dira pabiloietatik kanpo, eta kudeatzaile baimenduak hurrengo egunean biltzen ditu.

    Etxisua SLren jardueran, teknika erabilgarri onenetako (TEO) batzuk aplikatzen dira, eta arau honetan daude jasota: Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari buruzko zuzentaraua):

    (Ikus .PDF)

    «JRC Reference Report on Monitoring of Emissions to Air and Water from IED Installations» erreferentziako dokumentua ere egokia da.

    TEO horiek arestian aipatutako 306/2020 Errege Dekretuarekin bat etorriz aplikatuko dira:

    2b TEOak, instalazioan lan egiten duten langileen prestakuntzari buruzkoak, 4.4 artikuluko baldintzak beteko ditu.

    3b eta 4a TEOak 10.2 artikuluan aipatutako fase anitzeko elikaduraren baliokideak dira.

    30a TEOa 10.2 artikuluaren arabera aplikatuko da; beraz, pabiloien azpiko hobiak gutxienez hilean behin hustuko dira.

    Aurreko bi paragrafoetan aipatutako TEOez gain, TEO gehigarriren bat aplikatuko da emisioak murrizteko, 10.2 artikuluaren arabera.

    Hirugarrena. Etxisua SLk Burgeluko udal-mugartean (Araba) sustatzen duen txerriak gizentzeko jarduera ustiatzeko eta uzteko, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

    1. Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Etxisua SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

    2. Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

      1. Ingurumen-kudeaketako sistema (IKS).

      Batzordearen (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakiaren 1. TEOn aipatutako ezaugarri guztiak izango dituen ingurumen-kudeaketako sistema (IKS) eduki beharko du Etxisua SLk.

      IKS hori bat etorriko da goian aipatutako 306/2020 Errege Dekretuaren 6. artikuluak eskatzen duen ustiategia kudeatzeko sistema integralarekin.

      Bestalde, 306/2020 Errege Dekretuaren 10.3 eta 11. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Etxisua SLk instalazioan aplikatutako teknika erabilgarri onenak zein diren jakinaraziko dio Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailburuordetzari, horretarako diseinatutako ECOGAN tresna informatikoa erabilgarri dagoenean.

      2. Ingurumen-jardunbide egokiak (IJE).

      Etxisua SLk bere langileak prestatuko ditu, larrialdi-plan bat ezarriko du, aldian-aldian bere ekipoak eta instalazioak egiaztatuko ditu, eta hildako animaliak biltegiratuko ditu, emisioak eta isurketak saihesteko edo murrizteko moduan; hori guztia Batzordearen (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakiaren 2. TEOaren arabera. Halaber, 2. TEOari erantzungo dio Prebentziozko Mantentze Lanen Eskuliburuak, zeina ebazpen honen Hirugarren apartatuko D.4 azpiapartatuan jasota baitago.

      3. Ura eta energia modu efizientean erabiltzea.

      Etxisua SLk ura modu efizientean erabiltzeko neurriak hartuko ditu; erabilera-erregistro bat izango du, ihesak detektatu eta konponduko ditu, presio altuko garbiketa-sistemak eta kontsumo txikiko edontziak erabiliko ditu, eta edateko ura dosifikatzeko ekipamendua aldian-aldian egiaztatuko du.

      Etxisua SLk energia modu efizientean erabiltzeko neurriak hartuko ditu; aireztapen- eta hozte-sistemak optimizatuko ditu, kontsumo txikiko argi-sistemak erabiliko ditu, eta aireztapen naturala aplikatuko du, ikuspegi tekniko eta sanitariotik posible denean.

      4. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

      4.1. Baldintza orokorrak.

      Etxisua SLren instalazioa ustiatzean, bi baldintza hauek bete behar dira: batetik, emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako gehieneko isurketa-balioak, eta, bestetik, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

      Prozesuan zehar aireratzen den kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

      Arau orokor horretatik salbuetsi ahal izango dira emisio konfinatugabeak, baldin eta haiek biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez bada edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatzen bada.

      Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantendu beharko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

      Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

      Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

      Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, eta hura martxan jartzen denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txostena igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude.

      4.2. Iturriak identifikatzea. Katalogazioa.

      Etxisua SLk txerri-azienda gizentzeko duen instalazioan jarraian adierazten diren jarduerak garatzen dira. Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Bada, Etxisua SLren instalazioan dekretu horretan xedatutakoaren arabera katalogatutako jarduera hauek egiten dira:

      (Ikus .PDF)

      Instalazioan ez dago emisio-foku kanalizaturik. Emisio lausoak sortzen dira prozesuaren hainbat etapatan:

      (Ikus .PDF)

      4.3. Gehieneko isurketa-balioak.

      Instalazioa ustiatzean, gizentzeko pabiloien emisio lausoetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

      (Ikus .PDF)

      Emisioen muga-balioak betetzen diren ebaluatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikulua, goian aipatutako Batzordearen 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako teknika erabilgarri onenak, «JRC Reference Report on Monitoring of Emissions to Air and Water from IED Installations» erreferentziako dokumentua, eta Hirugarren apartatuko C.1. azpiapartatu honetan ezarritako kontrol-baldintzak.

      Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio berehala ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

      4.4. Usainei buruzko baldintzak.

      Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, organo eskudunak egoki iritzitako prozesuen isuriak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

      5. Isurtzeen debekua.

      Txerriak gizentzea zero isuriko jarduera bat da, eta, hortaz, berariaz debekatuta dago Etxisua SLtik jabari publiko hidraulikora zuzenean edo zeharka isurtzea.

      Pabiloien azpiko hobiak eta lurpeko biltegiratze-hobia behar bezala mantentzen direla bermatu beharko da, lixibiaturik sor ez dadin gainezka egiteagatik edo lurrera iragazteagatik.

      Euri-urak, abeltzaintza-instalazioetatik pasatzean, ez dira kutsatu behar, eta ez dute putzurik sortu behar, jabari publiko hidraulikoari (azaleko zein lurpeko korronteei) eragin diezaiokeenik.

      6. Iraitzitako nitrogenoaren eta fosforoaren kudeaketa nutrizionala.

      Iraitzitako nitrogeno eta fosforo kopuruak minimizatuko dituen elikadura-estrategia bat erabiliko da, ezertan eragotzi gabe animalien behar nutrizionalak behar bezala aseta egotea. Fase anitzeko elikadura erabiliko da, animalien hazte-etapa bakoitzera egokituta. Nitrogenoaren kasuan, proteina gordinaren kopurua murriztuko da, eta hori aminoazido esentzialak edo beste gehigarri baimendu batzuk gehituta konpentsatuko da. Fosforoaren kasuan, fosforoaren (fitasak) digerigarritasuna areagotzen duten gehigarriak erabili ahal izango dira, edo beste gehigarri baimendu batzuk.

      Emisioen muga-balio hauek ezartzen dira:

      (Ikus .PDF)

      Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, goian aipatutako (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakian jasotako teknika erabilgarri onenetan eta Hirugarren apartatuko C.2 azpiapartatuan ezarritako kontrol-baldintzetan ezarritakoa beteko da.

      7. Mindak kudeatzea.

      306/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betez biltegiratu beharko dira mindak.

      Laborantza-lurzatietan simaurrak aplikatzea behin-behineko soluziotzat hartzen da 1069/2009 (EE) Erregelamenduaren (SANDACH) 13.f) artikuluaren arabera, baldin eta Etxisua SLk, in situ edo hirugarrenen bidez, horiek tratatzeko sistemarik garatzen ez badu.

      Mindak nekazaritza-lurretan aplikatzeko, atmosferara amoniakoa isurtzea minimizatzen duen estrategia bat erabiliko da, eta estrategia horrek orobat laboreek eraginkortasunez asimilatu ahal izango dituzten nitrogeno eta fosforo kopuruak aplikatuko ditu. Arau hauetako baldintzak beteko dira: (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakia; 306/2020 Errege Dekretua, otsailaren 11koa, Txerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta txerri-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena; 515/2009 Dekretua, irailaren 22koa, Abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena; 261/1996 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Nekazaritzatik datozen nitratoek sortutako kutsaduraren aurka urak babesteari buruzkoa, eta 390/1998 Dekretua, abenduaren 22koa, Nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-lanetan egoki jarduteko kodea onartzen duena.

      Mindak kudeatzeko plan bat idatziko da, eta han jasoko dira lurzatien azalera, aurreikusitako laborea eta aplikatzeko dosia eta unea. Kontuan izango da lursailaren konposizioa eta ezarri beharreko laborearen beharrak eta aurrekoarenak. Kudeaketa-plan hori ebazpen honen hirugarren apartatuko C.8 azpiapartatuan araututako Ingurumena Zaintzeko Planaren parte izango da, bai eta behin eta berriz aipatzen ari garen 306/2020 Errege Dekretuan araututako ustiategia kudeatzeko sistema integralaren parte ere. Horrez gainera, plana bat etorriko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez arautzen den ustiategien koadernoarekin (agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien koadernoa eta beraren erabilera arautzen ditu). Gutxienez hektarea bateko nekazaritza-azalera dagoela egiaztatu beharko da 52,5 gizentze-plazako.

      Aplikazio-unea aukeratzeko, laborearen aprobetxamendua optimizatzeko unerik aproposena zein den begiratuko da. Aplikazioaren ondoren, lursailean txertatzeko lana egingo da lau ordu igaro baino lehen, teknikoki posible bada behintzat. Mindak ez dira aplikatuko hotza eta euria egiten duenean edo lurzoruan putzuak, izotza edo elurra dagoenean. Ur-ibilguekiko segurtasun-tarte bat mantenduko da. Hodi esekien edo zapaten ekipamendu bat erabiliko da, plater-difusore bat beharrean.

      Minda SANDACH gisa kudeatzen duen aldi iragankorrean, Etxisua SLk erregistro bat izango du, zeinean jasoko baititu sortutako kantitateak, ustiategian bertan erabili direnak eta hirugarrenei entregatutakoak. Entregen merkataritza-dokumentuak egingo dira, formatu fisikoan edo elektronikoan, eta bi alderdiek onartuko dituzte.

      8. Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

      Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, hala badagokio, karakterizatu egin beharko dira, haien izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, jatorritik bertatik bereiziko dira hondakinak, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: haiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

      Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

      Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

      Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak ebazpen honetan daude jasota orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. IPPC Legearen 10. artikuluaren 4.d apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.

      Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan egoteagatik edo inpregnazio-maila handia izateagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sortzeko arriskua badute, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

      Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, justifikatu beharko da kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakin sortuak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Hondakinen Europako Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratua, zeinaz aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk indargabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta beroni izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

      Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Burgeluko Udalean (Araba).

      Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora errege-dekretu hori garatuta xedatzen dena bete beharko dira.

      Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

      Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak lekualdatzearen aurka egin ahal izango dute; horri buruzko erabaki arrazoitua operadoreari jakinarazi beharko diote, lekualdatze-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean.

      Hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

      8.1. Hondakin arriskutsuak.

      Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

      (Ikus .PDF)

    1. Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodea hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera ezartzen dira, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeatzeko moduetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta Hondakinak Kudeatzeko Europar Batasunaren Estrategian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko IV. Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek baliozkotu egin beharko du hondakin bakoitza tratatzeko kontratuetan jasotako informazioa, kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatze-lan horrek garrantzi berezia izango du, batez ere, eskatzen denean hondakinak tratatzeko kontratuetako lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzea, baldin eta aurrez berreskuratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kode baten arabera kudeatu badira.

    2. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, hondakinen tipologia dela-eta, isuririk gertatu eta hondakinak nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo haiek kudeatzea zailagoa izan badaiteke.

    3. Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta bilgarriek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

    4. Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan Hondakin Sanitarioak Kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura garatzeko ondorengo araudietan ezarritakoak izango dira.

    5. Gainerako hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

    6. Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatuko da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz ezabatu aurretik, eta, hala badagokio, beste hondakin-kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den aztertzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

    7. Hondakin arriskutsuak lekuz aldatu aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikazio-agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Etxisua SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

    8. Egiaztatu beharko da kudeatzaile baimenduaren instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko erabiliko den garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruz indarrean dagoen legerian eskatutako betebeharrak.

    9. Etxisua SLk Industriako Olio Erabilien Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

    10. Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak kudeatuko dira Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak xedatutakoa bete beharko dute (106/2008 Errege Dekretua, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa). Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-entitateei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-entitateak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-entitateei eman izanaren egiaztagiriak gutxienez hiru urtez gorde behar dira.

    11. Etxisua SLk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan (poliklorobifeniloak, poliklorotrifeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan (aurreko errege-dekretu hori aldatzen duena) zehaztutako baldintzak.

    12. Etxisua SLk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduak (ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoa) adierazten dituen substantzia erabiliak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

    1. Etxisua SLk urtero adierazi beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari datu hauek: sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dituen hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

    2. Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Etxisua SLk laburpen-memoria bat helarazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara; memoria horretan, sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dituen hondakinen zerrenda jasoko dira. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

    1. Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

    2. Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko hau da, halako hondakinak ahalik eta gutxien sortzeko, Etxisua SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin gutxienez, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluak xedatutakoaren arabera, baldin eta lege horren garapenerako araubideak ez badu Etxisua SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

    3. Baldin eta Etxisua SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken edukitzailea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

    4. Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

    5. Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Etxisua SLk 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu (108/1991 Errege Dekretua amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzeari buruzkoa da). Halaber, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunen arabera egingo dira; errege-dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

      8.2. Hondakin arriskugabeak.

      Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

      (Ikus .PDF)

    1. Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

    2. Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezingo dira urtebetez baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helmuga balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

    3. Oro har, ezabatu aurretik, hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen-baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Etxisua SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak, horiek nahitaezkoak direnean.

    4. Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea lekuz aldatu aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeari buruzko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

    5. Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

    6. Baldin eta Etxisua SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken edukitzailea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

    7. Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Etxisua SLk laburpen-memoria bat helarazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara; memoria horretan, sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dituen hondakinen zerrenda jasoko dira. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

    8. Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

    9. Apartatu honetako c), d) (kudeatzaileak EAEn daudenean), f), g) eta h) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

      9. Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

      Etxisua SLren jarduera ez dago Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen aplikazio-eremuan.

      IPPC Legean eta Industriako Emisioen Erregelamenduan lurzorua eta lurpeko urak babesteari buruz ezarritako betebeharrak betetzeko, sustatzaileak honako hauek entregatu beharko ditu:

      Oinarrizko txostena, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeen eta aldizkakotasunen edukiarekin, edo, hala badagokio, betebehar horretatik salbuetsita egotearen erantzukizunpeko adierazpena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren X. eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

      Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira aipaturiko txostenak; hau da, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak. Dokumentu hori honako honetan aurreikusitakora egokituko da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari buruz xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeari buruzko Instrukzio Teknikoan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartua. Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruaren dokumentu bakar berri bat bidaliko da.

      Industriako Emisioen Erregelamenduaren 10.2 artikuluarekin bat etorriz, agintzen da lurpeko urak kutsatzeko arriskua sistematikoki ebalua dadila. Horretarako, piezometro bat instalatuko da, gizentzeko pabiloietatik eta mindak biltegiratzeko lurpeko hobitik ibaian behera. Ebaluazio sistematiko horrek artikulu horretan aipatutako aldizkako kontrolak ordezten ditu. Piezometroa Ura-Uraren Euskal Agentziak emandako jarraibideei kasu eginez instalatuko da, eta haren eskura jarriko da, ebazpen honen hirugarren apartatuaren C.4 atalaren arabera.

      Halaber, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuarekin, kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie Burgeluko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz, hala badagokio, 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

      10. Zaratari buruzko baldintzak.

    1. Beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira, indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:

      1. Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

      2. Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

      3. Jarduerak ez du hurrengo taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

      (Ikus .PDF)

      Abian den instalazioak, aurreko taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) adierazitako balioak baino 3 dB-tik gorako gehikuntzarik gaindituko.

      Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu taulan finkatutako balioak 5dB-tan gaindituko.

    2. Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentikortasun akustiko handieneko guneetako zarata maila.

    3. Ingurumena zaintzeko programa (IZP).

      Ingurumena zaintzeko programa taxutzeko, sustatzaileak aurkeztutako agiriak, (EB) 2017/302 Betearazpen Erabakian jasotako teknika erabilgarri onenak eta apartatu hauetan ezarritakoa beteko dira:

      1. Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

      Emisio lausoak masa-balantzearen metodoaren bidez kalkulatuko dira, ECOGAN aplikazio informatikoa edo baliokidea den beste bat erabilita.

      Sustatzaileek espezifikazio hauen arabera kalkulatu beharko dituzte emisioak:

      (Ikus .PDF)

      Era berean, TEOak aplikatuz lortu den amoniako-emisioen murrizketa kalkulatuko da. (TEO 23).

      2. Iraitzitako nitrogenoa eta fosforoa kontrolatzea.

      Ustiategi osoan urte guztian iraitzitakoa kalkulatu beharko dute sustatzaileek, bai eta abelburu bakoitzak gizentze-ziklo batean iraitzitakoa ere. Kalkulu hori urtero egingo da ebazpen honen hirugarren apartatuko B.6 azpiapartatuaren arabera, eta ingurumena zaintzeko programan sartuko da.

      3. Minden kudeaketa kontrolatzea.

      Laborantza-lurzatietan mindak behin-behinean aplikatzen diren bitartean, Ingurumena Zaintzeko Planaren urteko txostenean Minden Kudeaketa Planaren jarraipen-dokumentu bat sartuko da, eta emaitza hauek jasoko ditu:

      Minda-ekoizpenaren erregistroa.

      Putzuaren mailaren, soroan aplikatutako bolumenaren eta aplikazio-data eta -lurzatien erregistroa.

      Lurzoruari aplikatutako nitrogeno eta fosforo kantitateen kalkulua.

      Soroan aplikatzean izandako amoniako-emisioen kalkulua.

      4. Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.

      Ebazpen honen hirugarren apartatuaren B.9 atalaren arabera eraikitako piezometroa URA-Uraren Euskal Agentziaren esku jarriko da, lurpeko ur-masaren egoera kimikoa kontrolatu eta zaintzeko.

      5. Zarata kontrolatzea.

      Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

      Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

      Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

      6. Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

      Sustatzaileak taula honetan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

      (Ikus .PDF)

      7. Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

      Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

      https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

      Horrela, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

      Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri izan ondoren; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus.

      Horrez gain, urtea baino denbora-tarte luzeagoko maiztasunarekin egiten diren kontrolak, soilik, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan bidali behar dira.

      Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, hauek jasoko dira: neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua; prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak, eta emaitzen analisia. Eta bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, eta haien kausa eta konponbideak izan daitezkeenak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik zehaztu ez bada.

      8. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

      Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Aurrekontua ere barne hartu beharko du.

      Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren berezko adierazleak zehaztu beharko ditu, eta azaldu beharko du zer sistematika erabiliko den adierazle horiek aztertzeko; izan ere, adierazle horien bidez egiaztatu ahal izango da enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak eraginkorrak diren (ingurumen-adierazleak).

    4. Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

      1. Instalazioa gelditzeko eta martxan jartzeko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

      Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzeko aurreikuspena ere bai.

      Instalazioa gelditzean nahiz martxan jartzean, mantentze-eragiketak egitean eta ezohiko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hirugarren apartatuaren B.8. azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

      2. Jarduera uztea.

      Jarduera utzi baino lehen, Etxisua SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen Hirugarren apartatuaren B.8 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

      3. Jarduera aldi baterako uztea.

      Jarduera aldi baterako utziko dela jakinaraziz gero, Industriako Emisioen Erregelamenduaren 13. artikuluan arautu bezala, Etxisua SLk, aldi baterako uztearen jakinarazpenarekin batera, agiri bat bidali beharko du, instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

      Era berean, jarduerari berriro ekin baino lehen, instalazioak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

      4. Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

      Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu behar diren prebentziozko neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

    1. Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

      Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko; batez ere, kutsadura saihesteko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Honako hauei buruz hartutako neurriak zehaztuko dira:

      Minda-biltegiak eta -putzuak, edozein kalte, degradazio edo ihes detektatu ahal izateko.

      Mindak aplikatzeko ponpak eta ekipamenduak.

      Ura eta pentsuak hornitzeko sistemak.

      Aireztapen-sistemak eta tenperatura-sentsoreak.

      Pentsua garraiatzeko ekipamenduak eta siloak, baita pentsu-errotak ere, hala badagokio.

      Eskuliburu horretan, ustiategiaren higieneari eta izurrien kontrolari buruzko alderdiak sartu ahal izango dira.

      Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

      Era berean, airearen eta ur-ingurunearen kutsadura eta emisio atmosferikoak eta uretara egiten diren isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

      Zolatak pabiloien barruan garbitzen direnean sortzen diren urak minda-putzuetara bideratuko dira.

    2. Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gertakariak jasota uzteko.

    3. Olioak eta efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

    4. Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

    5. Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

    6. Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

    7. Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasun-edukiontziak; kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta hesiak, eta norbera babesteko ekipamenduak.

    8. Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

      Gorabehera edo anomalia baten ondorioz ingurunean edo jardueraren kontrolean efektu negatiboak gerta badaitezke, sustatzaileak gorabeheraren edo anomaliaren berri eman beharko dio berehala Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako erabili behar den helbide elektronikora mezua bidaliz: ippc@euskadi.eus Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

      Gorabehera mota.

      Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

      Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

      Sortutako ondorioak.

      Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

      Gorabehera edo anomalia larriren bat edo ustekabeko isuri edo emisioren bat gertatuz gero, SOS Deiak eta Burgeluko Udala jakinaren gainean jarri behar dira berehala. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren xehetasunak jasotzen dituen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

      Gorabehera mota.

      Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

      Gorabeheraren iraupena.

      Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

      Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

      Eragindako kalteen zenbatespena.

      Hartutako neurri zuzentzaileak.

      Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

      Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

      Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, horrek pertsonen osasunerako arriskua badakar edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetzen badu, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilaren eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

    9. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo anomaliak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioan programatuta dauden etenaldiak, prozesu jarraitu batekoak badira, baita aurreikusita dauden prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

    10. Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

    1. Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berria indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Halaber, babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

    2. Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehen, Etxisua SLk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

      Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

      Datu horietako batzuk Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan sartuko dira; gero, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) bidaliko da informazio hori.

      Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

    3. Instalazioen aldaketak Ingurunet aplikazio telematikoan eskuragarri dagoen inprimakia bete ondoren soilik egin ahal izango dira. Halaber, organo honi onarpena eskatu beharko zaio, IPPC Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

      Industriako Emisioen Erregelamenduaren 14.1 artikuluak aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

      Nolanahi ere, Industriako Emisioen Erregelamenduaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, betiere IPPC Legearen 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

      Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

      Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, okupatu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

      Laugarrena. Ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetan:

    1. Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatuta dauden gehieneko isurketa-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni denean.

    2. Isurketak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

    3. Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa denean.

    4. Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste duenean ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunera joko du, hark berrikuste-prozesua has dezan gehienez ere hogei eguneko epean.

    5. Instalazioari aplikatu behar zaion sektoreko legeriak hala eskatzen duenean, edo IPPC Legearen 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean.

    6. Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

    7. Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna handitu dela detektatzen bada.

    8. Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo beste ohar batzuen arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

    9. IPPC Legearen 26. artikuluaren 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa ikusita ondorioztatzen bada baimena aldatu beharra dagoela.

      Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik emango, IPPC Legearen 26.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

      Bosgarrena. Baimen hau iraungitzeko arrazoi izango da Etxisua SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

      Seigarrena. Ingurumeneko finantza-bermea.

    1. Ingurumeneko finantza-bermea.

      Etxisua SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen analisia egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legearen garapen partzialerako Erregelamendua onartzen duen errege-dekretua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Betebehar hori izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa bildu beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita badago, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari; adierazpen horretan, IV.2 eranskinean adierazitako informazioa jasoko da gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori aurkezteko, Eusko Jaurlaritzak gaitutako prozedura telematikoa erabiliko da soilik.

      Operadoreak ingurumen-arriskuen analisia eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

      Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

    2. Ingurumen-arloko erantzukizuna.

      Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik izan ez bada ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

      Zazpigarrena. Hiru hilabeteko epea ematea Etxisua SLri, hauek aurkezteko:

      Simaurra in situ tratatzeko sistema bat ezartzeko azterketa, simaurraren hondar-energia berreskuratzeko, usainen emisioak murrizteko eta simaurrak duen nitrogeno edukia murrizteko, soroan aplikatzearen ondoriozko azaleko eta lurpeko uren kutsadura prebenitzeko.

      Piezometro bat instalatzeko proiektua, ebazpen honen B.9 apartatuaren hirugarren atalaren arabera.

      Ingurumena zaintzeko programa, ebazpen honen arabera eguneratua.

      Zortzigarrena. IPPC Legearen 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, txerri-azienda gizentzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Etxisua SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

      Bederatzigarrena. Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago IPPC Legearen 31. artikuluaren arabera, eta lege horren 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

      Hamargarrena. 16-I-01-000000000261 erregistro-kodea esleitzea Etxisua SLk Burgeluko Camino Canal kalean (z.g.) ustiatzen duen instalazioari; hau da instalazioaren kokalekua: UTM (ETRS89) 30N, x: 537.470,642, y: 4.746.059,203. Beste identifikazio-kode hauek ere erabiliko ditu titularrak bere jarduera garatzean:

      16P01AAI000000261 motako hondakin arriskutsuak ekoiztea.

      16P03AAI000000261 motako hondakin arriskugabeak ekoiztea.

      Hamaikagarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Etxisua SLri, Burgeluko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.

      Hamabigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Hamahirugarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 21a.

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.