Lehendakaritzaren egoitza
Oinarrizko datuak:
- Helbidea: Navarra 2 · 01007 Vitoria-Gasteiz
- Telefonoa: 945 017900
- Faxa: 945 017832
Eraikina
Kareharri zurizko eraikin moderno eta funtzional bat da; erdian kristalezko piramide bat eta inguruan kristalezko hiru dorre dituena eta Lehendakaritzaren administrazio bulegoak hartzen dituena.
Bertatik bertara du Ajuria-Enea Jauregi enblematikoa, lehendakariaren egoitza ofiziala eta bilera eta ekitaldi instituzionalerako erabiltzen den etxea, alegia. Eraikin berri hau, ordea, Jaurlaritzaren egunez eguneko ekitaldi administratiboak edota ordezkaritzakoak jasotzeko egin zen.
Eraikina gune erabilgarri eta adierazgarria da, lorategidun etxe ugariz eta hezkuntza, osasungintza eta instituzio zereginetarako erabiltzen diren eraikuntzez inguratutako gune baten.
Kanpoko proposamen arkitektonikoa kantoiko lursail bateko eraikin baten gauzatzen da; kristalezko piramide batek buru ematen dio eraikinari; eta piramidea eta aldeetako dorreak -horiek ere kristalezkoak- dira eraikinaren bereizgarriak. Piramidearen azpian erdiko patio zabal eta argitsu bat dago, marmolez apaindutakoa; hor izan ohi dira gizarte eta politikarako garrantzitsuak diren hainbat ekitaldi: hala nola, harrera ekitaldi handiak, euskal ordezkariekin, estatukoekin eta nazioartekoekin egin beharreko biltzarrak; eta hauteskundeen jarraipena.
Barruko eraketan antolamenduak eta joan-etorriek eragindako kezka da nagusi, antolamendua eta joan-etorriak argiak izatea bilatu baita. Horretarako, eraztun antzeko eraikuntza aukeratu da, eraztunaren inguruan espazioa banatuta, espazioa hobeto kontrolatu eta joan-etorriak ahalik eta gehien errazteko.
Lehendakaritzaren eraikina Nafarroa kaleko 2. zenbakian dago, Nieves Cano pasealekuarekin bat egiten duen gunean, Vitoria-Gasteizen, Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburuan. Bi mila hirurehun eta hogeita hamar metro karratuko azalera hartzen dute eraikinak eta inguruan duen lorategiak. Hori guztia, Batan inguruko esparru urbanistikoan. Biztanle dentsitate ertaina du erresidentzia gune horrek, Eusko Legebiltzarretik eta Unibertsitate gunetik gertu dago, eta hirigune historiko eta monumentaletik ez oso urruti.
Laurogeita hamarreko hamarkadan hasieran eraiki zuen Javier Egaña Oyarzabal arkitektoaren taldeak eta hor biltzen dira Lehendakaritzako unitate administratiboak: Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia; baita lehendakariak lanerako dituen bulegoak, Kontseilu Gela eta komunikabideen aurrean agertzeko aretoa ere. Zenbait artelan aipagarri ere badaude barruan, hala artisau tradiziozkoak nola egungo euskal arteari buruzkoak.